XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HEGO AFRIKA

1991an ezeztatu zen Apartheid lege sistema arrazista, Hego Afrikako gizartean.

1994an egin ziren lehen hauteskunde demokratikoak, eta ANC alderdiak irabazi zituen.

Horrenbestez, Mandelak hartu zuen agintaritza.

Apartheid legea ezeztatu baino urtebete lehenago atera zen aske espetxetik Nelson Mandela.

Frederik de Klerk lehendakaria eta Mandela bera lau urtez aritu ziren negoziaketa luzeetan.

Ez zitzaion trantsizio bide horri kontsentsu handiz hasiera eman; Espainian gertatu zen legez. hauteskunde aske eta orokorren bitartez Batzarra aukeratu, eta Batzar horrek eratu zuen konstituzioa, demokrazia berri baterako oinarri.

QUÉBEC

Kanadako Estatuan, berriz, Québec probintziaren auzia dago: biztanleen zati handi bat burujabetzaren aldekoa da, estatu subirano bihurtu nahi du Québec.

Independentzia eta subiranotasuna, frantses hizkuntza eta kultura gorde eta garatu ahal izateko, nahiz eta ekonomia arloko hainbat konpetentzia Kanada osoarekin partekatu; azken hori, beti bere burujabetzaren adierazpen gisa harturik.

Trantsizio horrek azaltzen duen bereiztasunik aipagarriena da normaltasun osoz ikusten dela subiranotasuna lortzeko sortu zen eta oraindik ere bere horretan dirauen eztabaida.

Auzi horrek sortzen duen interesa honetan datza: nazio anitzeko estatuaren barruan, nazio batek subiranotasuna eskuratu nahi balu, badu nahi hori gauzatzerik era demokratiko batean, indarkeria erabili gabe, alegia.

Subiranotasunari buruzko bi erreferendum egin dituzte Québecen: 1980an eta 1995ean.

Eta dagoeneko, 2001. urtean beste bat egitea ari dira pentsatzen Parti Quebeçois-ek garbi azaltzen du nahi hori bere hauteskunde-programan.

Kanadako Konstituzioak ez du probintzien bereizketarik edota independentziarik aurreikusten, baina ez du aukera hori ukatzen, ez du Kanada zatiezina denik aipatzen.

Hala eta guztiz ere, alde batekoek eta bestekoek aitortzen dute erreferendumaren emaitza begirune osoz hartuko dutela.

Québeceko trantsizioa ispilu bihur daiteke Euskal Herriarentzat: Azken urteetan, erreferentzia Ipar Irlanda izan den bezala, Québec izan daiteke orain. (Bittor Aierdi, ELKARRI aldizkaria 43. zenb.).

ONDORIOAK

Trantsizioei buruzko adibide batzuk aipatu ditut, hainbat lurralde eta gizarte desberdinetan burutu edota burutzen ari direnak.